Proiektua
Proiektu honen bidez DBHko lehen zikloko ikasleak hondakin plastikoen inpaktuari buruz kontzientziatu nahi dira.

Plastikoa material zoragarria da. ez da beiraren edo beste materialen hauskortasun berarekin hausten, arina da, erabilera anitz ditu, ondo isolatzen du, gardena izan daiteke, zeharrargia edota opakoa, eta asko irauten du. Deskubritu genuenetik ez diogu erabiltzeari utzi. Orain, bere zenbait erabileraren ondorioek datu kezkagarriak ematen dituzte: egunero ibaiek hainbat plastiko-tona isuritzen dituzte itsasoetara, itsasoetan uharte erraldoiak sortzen dira, itsasoko fauna plastikoan kateatzen da edo hil arte harrapatuak gelditzen dira, kate-trofikoan sartzen da, gure platereraino ere irits daiteke, mendeak behar ditu degradatzeko… Eta ez da itsasoetako arazoa soilik, kaleetan dago, ibaietan, zelaietan eta mendietan.
Cristina Enea Fundazioa, Biarritzeko Malandain Balleta eta Iruñeko Udaleko Ingurumen-Hezkuntzako Lantaldea Itsaslamina-Sirenas-Sirènes ekimenean murgildu dira. Egitasmo honen bidez lortu nahi dena da DBHko lehenengo zikloko ikasleak kontzientziatzea hondakin plastikoek itsas-ekosistemetan eragiten dituzten inpaktuen inguruan, ondorengo helburu nagusiak izanik:
- Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleak kontzientziatzea hondakin plastikoek itsas-ekosistemetan eragiten dituzten inpaktuen inguruan.
- Itsasoetako plastikoen arazoa gure ohiturekin duen lotura erakustea.
- Hasiera batean urrun dauden diziplina eta lengoaia batzea, alegia dantza eta ingurumen-hezkuntza.
- Ikasleak dantzaren munduan murgiltzea, arte-, adierazpen- eta komunikazio-baliabide gisa.
- Egungo ingurumen-erronkei aurre egiteko gaitasuna nazionalitate, hizkuntza eta lanbide aniztasunetik landu.
Helburu nagusiaz gain, ekimen honek mugak gainditzea ere du helburu: artearen eta zientziaren artekoak, hirien eta herrialdeen artekoak, hizkuntzen eta lengoaien artekoak. Dantza eta ingurumen-hezkuntza lotzen dituen egitasmoa eta, azken finean, pertsonak elkartzen dituena, mundu hobea lortzeko. Azentu, hizkuntza, lengoaia, nazionalitate… aniztasun hori, ibilbide guztian zehar dago inplizituki, ekimenean parte hartzen duten kideen partaidetzaren bidez. Era berean, egitasmoak erakutsi nahi du desberdintasun horien guztien gainetik kolaboraziorako eta lankidetzarako gaitasuna badagoela, egungo mundu honetako arazoei aurre egiteko ezinbestekoa dena.
Mugaz-gaindiko lankidetza egitasmo honek Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdearen finantzazioa jaso du.
Sustatzaileak
Cristina Enea Fundazioa

2009an sortu zuen Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Cristina Enea Fundazioak gizartean aldaketa bat bultzatu eta sustatzen du, ingurumenarekiko jasangarriagoak eta adeitsuagoak diren ereduetarantz.
Bere hiru dotazioen bidez (Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea, Ulia Interpretazio Zentroa eta Urgulleko Natur Txokoa), eta kudeatzen dituen bi behatokien bidez (Iraunkortasunaren Behatokia eta Bizikletaren Behatokia), kontzientziazio- eta sentsibilizazio-lana egiten du publiko orori zuzenduta, eta bereziki azpimarratzen du eskola-publikoa, ikastaroen, tailerren, erakusketen, hitzaldien, erakusketen eta askotariko proiektuekin osatutako eskaintza artistiko, kultural eta ingurumenari lotutako baten bidez.
Malandain Ballet Biarritz

Nagusiaren laguntzarekin ere, Malandain Ballet Biarritz Frantziako hemeretzi Zentro Koreografiko Nazionaletako (ZKN) bat da. Malandain Ballet Biarritzen ezaugarri nagusia, aldiz, honako hau: taldea osatzen duten hogeita bi dantzarien espezializazioa teknika klasikoa bada ere beren espresioa garaikidea dela, Thierry Malandainen koreografien bitartez.
Malandain Ballet Biarritz ikusle gehien dituzten Europako konpainien artean dago egun: 100.000 ikusle hartzen ditu urteko eta 100 bat ikuskizun eskaintzen ditu, horietako herena atzerrian delarik.
Zentro Koreografiko Nazional gisa, Malandain Ballet Biarritzek ekintza ugari gauzatzen ditu ikusleen sentsibilizazioari (450 ekintza urteko, bataz beste) eta artista eta konpainiak babesteari (Harrera Estudioaren bidez) dagokienean. Espainia – Frantzia – Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilearen eta Donostiako eta Biarritzeko hirien laguntzarekin, 2007tik aurrera Victoria Eugenia Antzokiak eta Malandain Ballet Biarritzek arte- eta kultura-lankidetzarako proiektu bat garatu dute, Ballet T izenekoa. Bere xedea da arte koreografikoa Euskal Herrian zehar hedatzea, koprodukzioaren eta lan koreografikoen sustapenaren bidez eta, era berean, ikusleak sentsibilizatzea eta beraien mobilizazioa sustatzea Akitania-Euskadi Euroeskualdearen baitan
Ingurumen-Hezkuntzako Lantaldea- Iruñeko Udala

2016an Iruñeko Udalak Ingurumen-Hezkuntzako Lantaldea sortu zuen, hirian ingurumen gaietan informatzeko, komunikatzeko eta sentsibilizatzeko. Honetarako, hezkuntza komunitatearekin, herritargoarekin eta Udalaren baitan ere lan egiten dihardu.
Lantaldeak garatzen dituen programa ezberdinek biztanleria ingurumen arazoen konponbiderako trebatzea bultzatzen dute. Aldi berean, Udalarekin lan eginez, instituzio bera eredu izatea lortu nahi da.
Hezkuntza komunitatearen kasuan, bereziki, artea eta ingurumena lotzen duten proiektu berritzaileak garatzea bilatzen da.
Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdea

Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa. Hiru eskualde, bi herrialde, lurralde bat. Garapen ekonomiko, sozial eta kulturalerako proiektuak garatzeko lankidetzarako espazio komuna da euroeskualdea; mugaz gaindi, eskualdeen artean eta Europa mailan.
Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa. Euroeskualde bat, bi herrialde, lanerako hiru hizkuntza: euskara, gaztelania eta frantsesa. Eleaniztasunean komunikatu, partekatu, ikasi, konektatu.
Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa ikuspegi bat, jarrera bat, desira bat: Euroeskualdean gertutasuna eta urruntasuna uztartzea, toki nahiz eskualde mailan gure hiritarren egunerokotasuna erraztea, haien bizimodua hobetzea hemen, orain eta etorkizunean.